Zumai txarangaren goiz soinuarekin esnatu da herria santelmoen azken egunean

Juan Luis Romatet 2024ko api. 14a, 09:34

Kalejira egin du Zumai txarangak goizeko lehen orduetatik aurrera, eta bidean gaupasa eginda zeuden hainbat lagun inguratu ditu.

Amaitzear dira San Telmo jaiak aurtengoari dagokionez. Gauerdian Kofradiako bandera jaisten duten arte izango da oraindik zer ikusi eta zer bizi:  zaldi karrerak Itzurun hondartzan, trainerillen estropadak Urolaren itsasadarrean, etab.

Zumai txaranga arduratu da herria esnatzeaz, goizeko 8:00tatik aurrera egindako goiz soinuarekin. Larretxotik abiatuta, eta San Telmo kalean behera eginda, herriko kaleak zeharkatu ditu bere musika alaiarekin. Bidean oraindik oheratzeke zeuden lagunak inguratu ditu eta musika jotzen batzuk, saltoka eta kantuan besteak, paolalderantz joan dira. 

Eguneko egitaraua hau da:

  • 08:00. Goiz soinua, Zumai txarangarekin.
  • 11:00. Santelmoetako XXI. Scalextric Txapelketa, Oxford aretoan.
  • 12:00. Zaldi lasterketak, Itzurun hondartzan.
  • 12:00. Sutan txarangaren kalejira.
  • 16:30. Santelmoetako XXI. Scalextric Txapelketa, Oxford aretoan.
  • 17:00. Jolasak eta tailerrak, Eusebio Gurrutxaga plazan.
  • 18:00. Sutan txaranga.
  • 18:30. Trainerillen estropadak, gizonen XXXIX. San Telmo saria eta emakumeen X. San Telmo saria.
  • 19:00. Babarrunba taldearen kalejira.
  • 22:00. Sukar taldearen erromeria.
  • 00:00. Bandera jaitsieraren ekitaldia, Kofradian.