Itxasne Azpillaga eta 'Rey' zaldia azkarrenak, Zumaiako XV. Zaldi Lasterketan

Andoni Elduaien - Juan Luis Romatet 2024ko api. 14a, 15:47

Finala oso-oso lehiatua izan da, eta aurreneko postuak txandakatuz joan dira zaldunak. Zirkuituko azken aurreko bihurgunean, baina, Azpillagak eta Reyk aurre hartu diote Lazkanori eta Krestot zaldiari, eta azken bikoteak ospatu du garaipena. Kontsolazio finala, bestalde, Miguel Caceresek irabazi du.

Bigarren urtez jarraian, Itxasne Azpillaga eta Rey zaldia nagusitu dira Zumaiako santelmo jaien barruko Zaldi Lasterketan. Iaz bezala, Zierbenako zaldunak jardunaldi borobila osatu du Itzurun hondartzan, eta final estu baten ostean, Xabin Lazkano nahiz haren Krestot zaldiaren eta Eneritz Etxabe zumaiarra zein Mogilevich zaldiaren aurretik gurutzatu dute helmugako lerroa Azpillagak eta Reyk.

Guztira, hamabost zaldunek eta zaldik parte hartu dute aurten hamabosgarrenez jokatu duten lasterketan. Bosna parte hartzaileko hiru sailkatze txanda jokatu dira lehenbizi, eta txanda bakoitzeko lehen biak zuzenean sailkatu dira finalera; besteek kontsolazio finala jokatu dute. Azken proba hori Miguel Caceresek eta Laida zaldiak irabazi dute.

Final handian, berriz, duela bi urte izandako istripuaz geroztik ezin hobeto dabilen Azpillaga eta Rey nagusitu dira. Finala oso-oso lehiatua izan da, eta aurreneko postuak txandakatuz joan dira zaldunak. Zirkuituko azken aurreko bihurgunean, baina, Azpillagak eta Reyk aurre hartu diote Lazkanori eta Krestot zaldiari, eta azken bikoteak ospatu du garaipena. Garaikurra eskuratuta, pozik agertu da zierbenarra. Xabin Lazkano bigarren sailkatuak eta Eneritz Etxabe hirugarrenak ere jaso dute aitortza, baita kontsolazio finaleko Miguel Caceres irabazleak ere.