Padel txapelketa antolatu du Zumaiako Udaleko kirol sailak. Maiatza eta ekainean zehar jokatuko da Lubaki kiroldegi kanpoaldean dagoen padel pistan, eta izen ematea dagoeneko zabalik dago. Gehienez hamasei bikotek jokatu ahal izango dute, eta bikote bakoitzak gutxienez hiru partida jokatuko dituela azaldu dute antolatzaileek. Txapelketa mistoa izango da eta gizonek eta emakumeek batera jokatu ahal izango dute.
Izenak Lubaki kiroldegian emango dira eta apuntatzeko azken eguna maiatzaren 2a izango da. Izena ematerako orduan parte hartzaile bakoitzak ordezko jokalari baten izena ere eman beharko du. Izena emateko Lubakiko bazkideek 30 euro ordainduko dituzte bikoteko; bazkide ez direnek 30 euro horiez gain, eguneko bonoa ere ordaindu beharko dute. Ordainketa hiru modutan egin ahal izango da: kiroldegian eskudirutan edo txartelarekin; eta transferentzia bidez (ES33 2095 5174 9810 6426 5134).
Behin izen ematea amaituta, bilera egingo da maiatzaren 3an, ostirala, 19:00etan, Lubaki kiroldegian txapelketaren xehetasunez hitz egiteko.