"Traineru berria hurrengo astean estreinatzea espero dugu"

Gorka Eizagirre | Maria Maya Manterola 2024ko api. 18a, 17:00

Telmo Deun arraun elkarteko emakumeen taldeak traineru berria izango du denboraldi berrirako. Aiako Amilibia ontziolan egingo duten ontzia datozen egunotan helduko dela aurreikusi dute Zumaiako arraun elkarteko kideek. 

Traineru berriaren prezioa 45.000 eurokoa da, eta kostuaren zati bat ordaintzen laguntzeko crowdfunding kanpaina abiatu du Telmo Deunek. Beste zati bat, 30.000 eurokoa, Gipuzkoako Foru Aldundiak emandako laguntza baten bidez estaliko dute. Kanpaina honetan parte hartzeko gogoa edo asmoa duten enpresa edo norbanakoek ekarpen ekonomiko desberdinak egin ahal izango dituzte, eta kopuruaren araberako espazioa izango dute ontzian.