EH Bilduk zumaiarren botoa eskatu du "ezkerreko politika abertzaleak bermatzeko"

Jabi Gonzalez Toston 2024ko api. 19a, 11:30

Arritxu Iribarrek eta Larraitz Ugartek koalizio abertzalearen proiektua defendatu zuten, "aukera erreal bakarra delako, aldaketa eman dadin".

Etziko Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeetan herritarrei botoa eskatzeko azken eguna izango da gaurkoa alderdientzat; izan ere, gauerdiarekin batera amaituko da kanpaina. Biharkoa, berriz, hausnarketarako eguna izango da. Bada, kanpainaren azken txanpa horretan, EH Bilduk atzo egin zuen ekitaldia herrian. Arritxu Iribarrek eta Larraitz Ugarte hartu zuten parte, hain zuzen ere.

Aurreko agintaldian alkateorde izanagatik Zumaian aski ezaguna den Iribar izan zen hitza hartzen lehenengoa bi hizlarien artean. Igandeko hauteskundeetan kolazio abertzalearen Gipuzkoako zerrendan hemezortzigarren hautagaia izango da eta boza eskatu zien herrikideei, "herri proiekturik sendoena aurkeztu duen alderdia EH Bildu delako".

Halaber, egungo Eusko Jaurlaritzaren kudeaketa kritikatu zuen Iribarrek Osakidetzan fokua jarrita: "Kanpainan gehien aipatutako gaietako bat izan da osasun sistema publikoaren egungo egoera kaskarra, nahiz eta orain arte hura ukatzen aritu diren. Azken aste honetan onartu behar izan dute arazoa eta berau sortu dutenak irtenbideak eskaintzen ari dira agintean izen diren bitartean ezer egin ez dutenean".

2011tik 2015era bitartean Gipuzkoako Aldundiko Bozeramalea eta Azpiegituretako eta Mugikortasuneko diputatu izan zen, eta, egun, legebiltzarkidea den Ugarte ez da EH Bilduren zerrendetan ageri oraingoan. Dena den, hark ere botoa eskatu zuen, hurrengo agintaldian "ezkerreko politika abertzaleak" aplikatuko direla bermatzeko: "Argi dugu EAEko hiru lurraldeetan herritarrek gehiengoz bozkatuko dutena ezkerreko politikak izango direla eta legebiltzarra nagusiki ordezkari abertzaleek osatuko dutela, bi herenetik gora izango direlako. Beraz, herri mandatua abertzalea eta ezkerrekoa bada, egiten diren politika publikoek ere hori adierazi behar dute".

Azken horren harira, Ugartek azpimarratu zuen EAJren eta PSE-EEren arteko koalizio gobernuak "estatikoak" direla, elkarren artekoa "komenentziazko ezkontza" delako: "Batzuek progresistak omen dira eta besteak abertzaleak, baina bata bestearekin neutralizatu egiten dira". Horregatik, defendatu zuen "adaketarako aukera erreal bakarra" EH Bilduk proposatzen duena dela. Zentzu horretan, zehaztu zuen EH Bilduren programak "480 neurri eta konpromiso" zehatz jasotzen dituela, eta, hitz eman zuen guztiak aplikatuko dituztela gobernura iristen badira.

Iribarrekin eta Ugarterekin batera, Iñaki Ostolaza alkateak ere hartu zuen hitza; izan ere, hark egin zituen aurkezle lanak. Ekitaldia abiatzeko, gainera, Jone Urbieta musikari zumaiarrak Agure zaharra kantua abestu zuen.