Bilboko zesta punta txapelketan arituko dira Frida Watkins eta Unai Uranga

Juan Luis Romatet 2024ko api. 24a, 14:30
Frida Watkins, Bilboko txapelketako aurkezpenean. (Eraman!)

Watkins emakumeen masterrean arituko da; Urangak, berriz, onenekin aritzeko sailkatze fasea jokatuko du.

Bilbao Iron cup izeneko zesta punta txapelketa jokatuko dute Bizkaiko hiriburuko Club Deportivo frontoian. Une honetan punta-puntan dauden pilotariak izango dira Bilboko pilotalekuan lehian, eta horien artean izango dira Zumaiako bi puntista: Frida Watkins eta Unai Uranga.

Txapelketa honi maiatzaren 3an emango diote hasiera eta ekainaren 7an bukatuko da, finalekin. Zortzi bikote izango dira gizonetan lehian. Horietatik zazpi dagoeneko zehaztuta daude; zortzigarrena, berriz, Pro-am izeneko fasean erabakiko dute.

Lau bikote aterako dira txartel bakarraren bila fase honetan, eta partaideen artean izango da Unai Uranga zumaiarra. Atzelariak Zumaiako mastersa irabazi berri du Erkiagarekin bikotea osatuta. Pro-am honetan Eñaut Urreisti aurrelari mutrikuarrarekin osatuko du bikotea. Faseko partidak apirilaren 27an eta 28an jokatuko dira, eta bikote irabazleak onenekin jokatuko du Iron Cup txapelketan.

Gizonen txapelketarekin batera, emakumeen masterra ere jokatuko dute Bilboko frontoi historiko honetan. Emakumeak finalerdietan sartuko dira lehian, gizonen finalaurrekoekin batera. Bi finalerdi eta finala jokatuko dute emakumeek. 

Zortzi emakume arituko dira masterrean, eta partaideen artean Frida Watkins zumaiarra dago. Erika Mugartegi Markina-Xemeingo aurrelariarekin osatuko du Watkinsek bikotea.

Partidetarako sarrerak dagoeneko salgai daude www.eramanjaialai webgunean.