Ikuspuntu feministatik abiatutako umore tailerra egingo da larunbatean Emakumeon Etxean

Juan Luis Romatet 2024ko api. 24a, 18:00

Barrez lehertzen umore tailerra goizez eta arratsaldez emango da larunbatean, eta interesdunek aurrez eman beharko dute izena.

Umorea ikuspuntu feministatik landuko dute datorren larunbatean, apirilaren 27an, Zumaiako Emakumeon Etxean. Barrez lehertzen du izena tailerrak, eta antolatzaileen esanetan, "arduragabeak, amargatuak, tuntunak, handiusteak, umoregile kaskarrak, emakumeak ez diruditenak... ongi etorriak izango dira tailer honetara".

Elkarrekin barre egitea du helburuetako bat tailer honek. "Hasteko eta behin geure buruari egingo diogu barre, eta sudur gorri batekin kamuflatuta anonimotasuna mantenduko dugu", gaineratu dute.

Jarduera goizez eta arratsaldez egingo da; goizez 10:00etatik 14:00etara eta arratsaldez 15:30etik 18:30era. Interesdunek izena eman beharko dute aurrez, Emakumeon etxean bertan, telefonoz 633 43 27 62 telefono zenbakira deituta, edo posta elektroniko bidez info@zumaiakoemakumeonetxea.eus helbidera idatzita.