Marisol Cortes: "Beti izan da nire ametsetako bat ipuin ilustratu bat argitaratzea"

Amaia Agirre 2024ko api. 28a, 12:00

Marisol Cortes atera duen liburuarekin. (Utzitakoa)

Marisol Cortes (Zumaia, 1980) zumaiarra eta munduko herritarra da. Amerikako hainbat txokotan bizi ondoren (Ekuador, Nikaragua, Costa Rica, Guatemala,...) Panaman bizi da duela bi urtetik, eta bere lehen liburua kaleratu du.

Elkarrizketa hau apirileko Baleike aldizkarian argitaratu zen.

Zumaiarra zara, baina munduko txoko askotan bizitakoa zara.

Asko gustatzen zait kultura berriak ezagutzea, jendearen esperientzietatik ikastea, bidaiatzea eta irakurtzea. Eta ekintza horiek leku eta pertsona batzuengana eramaten naute. Nazioarteko Lankidetzak Latinoamerikara ekarri ninduen duela hemezortzi urte. 

Idazlea zara. Nola hasi zinen idazten?

Egia esan behar badut, ez dakit nire burua idazletzat hartu edo ez. Idazten ikasi nuenetik hasi nintzen nire kabuz, jo eta ke. 9 urte bete nituenetik dozenaka koaderno bete izan ditut nire pentsamendu, istorio, sentsazio edo bizipenekin. Mundua nire sentitzeko modua dela esango nuke, hemen eta orain egotekoa, alegia. Idaztea munduan egoteko dudan modua da, gainerakoekin bizitzen laguntzen didalako. Gaur egun, asko irakurri ondoren, idazkera, narratiba eta poesia ikastaroak eginda... esan dezaket idazten gehiago trebatuta nagoela eta lehen liburua argitaratzeko pausoa ematera ausartu naizela. 

Haurrentzako ipuin bat idatzi duzu. Haur literaturan duzu zaletasun handiena?

Gehien betetzen nauena haur literatura dela esango nuke. Asko gustatzen zait 20 orrialdetan fantasiazko istorio bat kontatzea. Oso gustuko dut bertan agertzen diren irudiek ere hitzik esan gabe hitz egitea. Beti izan da nire ametsetako bat ipuin ilustratu bat argitaratzea, eta Itsasaldeko izarra izan da nire ibilbide honetako lehena.

Zeri buruzkoa da?

Zumaian girotua dago, eta mugarik gabeko adiskidetasunaz hitz egiten du. Elkarrengandik sekula aldentzen ez diren lau lagunen istorioa da. Lauek helburu berbera izango dute: mundua aldatzea, pertsona guztientzat bidezkoagoa eta ederragoa izan dadin. Hau lortzeko, beren talentuak aurkitzeko prozesu interesgarri baten murgilduko dira. Hortik aurrera, ipuina irakurtzea onena, kar-kar.

Zertan inspiratu zara gaia jorratzerakoan?

Nire inspirazio iturria beti izan dira lagunak, adiskidetasuna eta elkarrekin igarotako une guztiak, horietako asko Zumaian. Nire lagun Enkarni Eizmendiren galeratik sortu da istorioa. Ipuinean Sofiaren pertsonaiak beteko du Enkarniren papera. Omenalditxo bat egin nahi nion. Ipuin honekin, beti izango dugu gogoan. Gure izarra beti egongo da itsasaldetik, eta horregatik beti izango gara 3+1. Horrez gain, liburua zumaiarrentzat berezi diren ekimen edo sinboloz betea dago. Lagunez gain, ahizpari ere eskainia dago erabat.

Ilustrazioak ere baditu, ezta? Nork egin ditu?

Guatemalako ilustratzailea da Irma Cabrera eta berak egin ditu ilustrazioak. Beste hainbat proiektu ere egin ditut berarekin, eta oraingoa proposatzean ez zuen zalantzarik egin. Asko gustatzen zaizkit egin dituen ilustrazioak Zumaia ezagutu gabe, kontatu dizkiodan argazki eta istorioen bidez nola islatu duen une bakoitza. Zumaia ezagutzeko irrikaz gelditu da.

Etorkizunera begira, idazten jarraituko duzu?

Hainbat istorio triste, lagunen arteko besarkada eta mezu positibo bat kantu bihurtu nahi nituen. Ez dut baztertzen beste ipuin ilustraturen bat argitaratzea, baina orain momentuan poesiaren munduan nago murgilduta. Agian hemendik gutxira lehen poesia liburua aurkeztu dezaket, baina nork daki? Ideia asko ditut buruan, baina liburu bat argitaratzea ez da goizetik gauerako gauza.

Ipuina herrian bertan dago salgai, ezta?

Bai, liburutegian edota Kabin eta Mandalan aurki daiteke.