Hamaseigarren postuan amaitu du Bidasoako Itzulia Aitor Agirrek

Juan Luis Romatet 2024ko api. 29a, 09:30

Aitor Agirre bigarren etapako helmugara heltzen. (Utzitakoa)

Larunbatean etapa irabazi eta lidergoan jarri ondoren, atzo 22. izan zen Itzuliari amaiera ematen zion hirugarren etapan.

Laboral Kutxa taldeko Aitor Agirre txirrindulari zumaiarrak ezin izan zion atzo eutsi Bidasoako Itzuliko liderraren mailotari. 22. bukatu zuen lasterketa honi amaiera ematen zion hirugarren eta azken etapa, eta hamaseigarren sailkapen orokorrean.

Hondarribiko kaleetan lasterketako bigarren etapa irabazi eta gero, Bidasoako Itzuliko lider postuan jarri zen Agirre. 25 segundoko aldea besterik ez zuen bigarren zen Haimar Etxeberriarekiko –lehen etapa irabazi zuen txirrindulari honek–, eta 33koa hirugarren zen Louis Sutton britainiarrarekiko. Zumaiarrak ez zituen gauzak erraz izango lidergoari eusteko lasterketako azken etapan. Tropelak 99 kilometroko bidea egingo zuen Irunen hasi eta bukatuko zen etapan. Aitor Agirrek ezin izan zion abantailari eutsi; eroriko bat izan zuen eta talde guztiaren laguntza izan bazuen ere burura hurreratzeko, 22. postuan amaitu zuen etapa Louis Sutton irabazlearekiko 4 minutu eta 52 segundora. Britainiarra izan da Itzuliko irabazlea, eta hamaseigarren postu on bat lortu sailkapen orokorrean Laboral Kutxako txirrindulariak; irabazlearekiko 4 minutu eta 19 segundora sailkatu da Agirre.

Lasterketako bigarren gipuzkoarra izan da Aitor Agirre, baita Euskaldun torneoko bigarren sailkatua ere, bietan Haimar Etxeberriaren atzetik.