Mutrikun izan dira Zumaiako trainerillak, Gipuzkoako ligako lehen jardunaldian

Juan Luis Romatet 2024ko mai. 2a, 09:30

Zumaiako trainerilla bat, atzo Mutrikun. (Telmo Deun A.E.)

Sei ontzirekin hartuko du parte Telmo Deun arraun elkarteak trainerillen ligan.

Gipuzkoako trainerilla liga osatuko duten bost jardunalditik lehena jokatu zen atzo goizez. Mutrikuk hartu zuen lehen estropada hauetako antolakuntza, eta bertan izan ziren, besteak beste, Zumaiako Telmo Deun arraun elkarteko ontziak. Sei trainerilla aurkeztu ditu aurtengoan Zumaiako klubak ligara.

Kadeteak izan ziren lehiatzen lehenak. Zumaiak bi ontzi aurkeztu ditu kategoria honetan, emakumeetan eta gizonetan bana. Telmo Deuneko neskak bosgarren izan ziren lehen estropada honetan; mutilak, berriz, laugarren.

Jubeniletan ez du atera ontzirik Zumaiak. Bai, ordea, maila absolutoan: lau ontzi arituko dira aurtengo denboraldian, emakumeetan eta gizonetan bina. Ligan arituko den emakumeen A ontzia bigarren izan zen, eta bosgarren Zumaia B. Gizonetan, ligako partaide Zumaia A seigarren izan, eta Federazio kopan arituko den B ontzia bigarren.

Datorren asteburuan bi jardunaldi jokatuko dira: larunbatean Donostian izango dira arraunketa saioak eta igandean Getarian.