Igor Uranga eta Aratz Mujika: "Irainak ondo ez badaude, lan egin dezagun haiekin amaitzeko"

Jabi Gonzalez Toston 2024ko mai. 2a, 11:00

Igor Uranga eta Aratz Mujika plaieroetako arbitroak, Zarauzko hondartzan. (Jabi Gonzalez Toston)

Hondartzako Futbol Txapelketako epaileak dira Igor Uranga (Zumaia, 1973) eta Aratz Mujika (Zarautz, 2005). Beren bizipenak kontatu dituzte larunbateko finalen atarian.

Futbolean inor gutxik izan nahi du atezaina, eta are gutxiago arbitroa. Nolatan iritsi zarete zuek azken lan hori egitera, non eta plaieroetan?

Igor Uranga: Niri betidanik gustatu izan zait. Urte luzez jokatu nuen futbolean Zumaiakon eta plaieroetan, eta banuen arbitratzeko zaletasuna. Epaile gisa federatzea ere pentsatu izan nuen inoiz, nahiz eta azkenean ez nuen egin. Gerora, plaieroetako antolakuntza taldea aldatu zutenean, galdetu zidaten ea animatuko nintzen zerbaitetan laguntzera, eta arbitro lanak egiteko prest agertu nintzen. 

Aratz Mujika: Ni ere futbolean aritutakoa naiz. Jubenil mailara arte jokatu nuen, eta orduan eskola kiroleko partidak ere arbitratzen nituen hondartzan. Gerora, lagun batek aipatu zidan helduen txapelketarako epaileak behar zituztela, eta probatzera animatu nintzen. Gustatu egin zitzaidan, eta segitzea erabaki nuen.

Biak zarete epaileak, baina batek gizonak arbitratzen ditu, eta besteak emakumeak. Alde handia al dago batetik bestera?

I. U. : Nik emakumeak arbitratu nituen lehen partidan, eta hori izan da aldi bakarra. Ondoren, gizonekin hasi nintzen, eta halaxe jarraitzen dut. Arauetan ez dago alde handirik batetik bestera, atearen eta arearen neurriak baino ez direla aldatzen esango nuke, emakumeenak txikiagoak direlako. Akaso, gure erabakien aurrean jokalariek duten erantzunean dago desberdintasun handiena. Gizonak dezente gehiago kexatzen dira, nahiz eta emakumeak ere gero eta gehiago ikusten ditudan protestan.

A. M. : Niri kontrakoa gertatu zait justu; gizonak behin arbitratu ditut soilik. Askotan eskaini didate haien partidetan epaile aritzea, badagoelako epaile gehiagorentzako tokia, baina nire erantzuna ezezkoa da beti, nahiago dudalako emakumeekin jarraitu. Eramangarriagoa zait, nolabait; izan ere, errespetu handia diot bi buruko aldea ateratzen didaten gizonak nire gainera etortzeari kexatzeko. Emakumeek ere egiten dute, noski, baina jarrera ulerkorragoa adierazten dute erratu garela onartzen dugunean. Gizonek, aldiz, jarrera oldarkorra izaten dute askotan.

Jokaldi polemikoen eta protesten kudeaketa izan da beti futbol epaileen egiteko zailena. Askotan irainak ere entzun behar izaten dituzue, gainera. Nola daramazue hori?

I. U. : Arbitroari eta aurkariei zuzendutako irainak beti egon dira plaieroetan. Nik jokatzen nuenean bazeuden, eta gaur egun ere badaude. Ez da ezer aldatu, eta badirudi hala izan behar duela. Bada, ni ez nago ados. Denok pentsatzen badugu irainak ez daudela ondo, lan egin dezagun haiekin amaitzeko. Zentzu horretan, antolatzaileei aitortu behar zaie ari direla ahaleginak egiten praktika egokiak sustatzeko.

Duela bi denboraldi, pandemia osteko lehenengoan, txartel beltza sortu zuen iraintzen zaituztetenean erabiltzeko, hain justu. Atera al duzue inoiz?

A. M. : Nik sekula ez, eta zalantza egiten dut inork atera duenik ere. Txartela erabiltzeko moduko egoerak izan dira, baina eskura dugula jakin arren, ausardia behar da ateratzeko. Azken batean, seinalatu egingo dugu zigortzen dugun jokalaria. Dena den, uste dut behin lehenengoa ateratzen dugunean askotan ikusiko direla txartel beltzak.

I. U. : Lehen esandakoaren haritik, iruditzen zait txartel beltza oso tresna egokia eta baliotsua dela, guztiz pedagogikoa delako. Azken finean, jokalari bati ateratzen badiozu, partidatik kaleratuko duzu, baina ez duzu taldea jokalari bat gutxiagorekin utziko, beste jokalari bat sartu dezakeelako joko eremura kaleratutakoaren ordez. Gorriarekin ez da hori gertatzen. Eta are garrantzitsuagoa dena, zigortu duzun jokalaria arbitro izatera behartuta egongo da hurrengo jardunaldian.

Antolatzaileen aldetik babesa sentitzen duzue, beraz.

A. M. : Bai, eta, egia esan, oso eskertuta gaude. Guk bezalaxe, antolatzaileek ere badakite zein diren arbitratzeko talde zailenak, eta horietako bat egokitu bazaigu, gertu sentitzen ditugu beti. Badakigu, edozein egoera konplexuren aurrean haiengana jo dezakegula beldurrik izan gabe. 

Horrez gain, arbitroak plaieroetako komunitate zabalaren parte izan gaitezen nahi dute. Horregatik, gu ere gonbidatu gaituzte larunbateko finalen ondoren egingo duten bazkarira eta festara.

Plaieroetako berezitasun handienetakoa da komunitate hori.

I. U. : Txapelketa herrikoia da, azken finean, eta, tentsio handia dagoen arren, oso giro ederra sortzen da behin partidak amaitu direnean eta jokalariak lasaitu direnean. Zentzu horretan, errugbiko hirugarren denborarekin izan ditzake antzekotasunak; izan ere, elkarren aurka aritu diren futbolariak batera poteatzen ikus ditzakezu. Nik ere parte hartu dut inoiz, baina egia da ez naizela guztiz eroso sentitu.

Ziur epaileok ere badituzuela plaieroetako jardunaldia arbitratu behar duzuenean beti betetzen dituzuen ohiturak.

I. U. : Jokalariak bezalaxe, gu ere urduri egoten gara partida egunetan, tximeletak izaten ditugu sabelean, eta adrenalina askatzen dugu arbitratzean. Oso sentipen ederra da, eta gogorarazten dizu zergatik zaren plaieroetako epailea. Ni behintzat horrek betetzen nau gehien. Dena den, partida amaieran gorputzean izaten dugun tentsio jaitsiera handia da. Horregatik, Coca-Cola eta tortilla pintxoa hartzen ditut beti nire onera itzultzeko.

A. M. : Partida amaiera adierazteko txilibitua azken aldiz jo ondorengo askatasun sentipena sekulakoa da. Gorputza atzera berriro esnatzeko, ordea, dutxa hotza behar izaten dut nik. Ondorioz, etxera itzultzen naiz, normalean. Dutxatik ateratakoan, berriz, makarroiak jaten ditut beti plater handian.