Alde Zaharreko bizilagunekin bilduko da udala Goiko plazako aldaketen berri emateko

Juan Luis Romatet 2024ko mai. 4a, 15:00

Alde Zaharreko bizilagun batzuek sinadura bilketa abiatu zuten pasa den Aste Santuaren bueltan Foruen plazan egindako aldaketekin kexu.  

Foruen plaza eraldatzeko pausoak eman zituen udalak martxoaren amaieran, "plaza-izaera berreskuratzera bideratua". Aldaketa horien artean, aparkaleku plaza batzuk kendu zituen. Aldaketa horiek egonezina eragin zieten Zumaiako Alde Zaharreko bizilagun batzuei, eta sinadura bilketa bat hasi zuten udalarekin bilera bat eskatzeko, gaia "aurrez aurre" eztabaidatzeko, eta, "erabakiaren arrazoiak, etorkizunerako asmoak eta arazoa konpontzeko proposamenak" ezagutzeko.

Birmoldaketaren inguruko azalpenak eta arrazoiak agertzeko, bilera irekia deitu du udalak maiatzaren 8rako, asteazkenerako. Udalak ohar bidez iragarri duenez, "bilerak espazio bat eskainiko du egindako aldaketei buruz eztabaidatzeko eta ikuspuntuak partekatzeko, izan Alde Zaharreko bizilagunenak zein gainontzeko herritarrenak". Saioa 19:00etan izango da udaletxeko pleno aretoan.