"Nagusiek musika barrenean sentitzen dute eta horrek zerbait zoragarria sortzen du"

Juan Luis Romatet 2024ko mai. 5a, 11:00

Musika eta Dantza Eskolako zuzendari Sofia Oria eta Zumaiako Musika Bandako zuzendari Joxe Mari Azkue, Odietan. (Juan Luis Romatet)

Zumaiako Musika eta Dantza Eskolak herriko nagusiekin gauzatutako proiektuaren emaitza erakutsiko du astearte arratsaldean Odietan egingo den kontzertuan. Musika Bandaren laguntza izango du, baina protagonista proiektuan parte hartu duten nagusiak izango dira.

Ehundik gora lagunek hartuko dute parte astearte honetan Odieta pilotalekuan egingo den kontzertu berezi batean. 18:00etan hasiko den emanaldi honetan Musika eta Dantza eskolako ikasle, irakasle zein gurasoek, Banda txikiak eta Zumaiako Musika Bandak hartuko dute parte, azken honek laguntzaile gisa. Baina, eta hau da astearteko saioa berezia egiten duena, Branka eraikineko erabiltzaileak ere partaide izango dira.

Izan ere, hilaren 7tako hitzordu hau Zumaiako Musika eta Banda Eskolak abiatu duen proiektu baten emaitza da. "Edozein adineko pertsonei prestakuntza ematea da gure helburua, eta aurtengo proiektua hortik doa. Erakunde, zerbitzu edo eragile desberdinekin kolaboratu nahi izaten dugu, eta egunerokotasunetik kanpo diren pertsonekin ere lan egin nahi izaten dugu", azaldu du Musika eta Dantza Eskolako zuzendari Sofia Oriak. Jakinda "musikak zer indar duen, zenbat emozio azaleratzen dituen", Zumaiako nagusien zerbitzu desberdinekin harremanetan jarri ziren pertsona hauen "zahartze osasuntsua sustatzeko musikaren bidez, izan musika jotzen, entzuten edota dantza egiten", nabarmendu du Oriak.

Ubillos jauregian kokatzen den hezkuntza zerbitzu hau ahalik eta "integralena" izan nahi duela azpimarratu du zuzendariak. "3 urtetik gorako lagunei ematen zaizkie musika klaseak baina zaurgarritasun kontuak zituztenekin ez genuen lan egiten. Zerbitzua zabaldu nahi izan dugu; behar batzuk zeudela detektatu genuen eta ikusi genuen musikarekin jende askora hurreratu gintezkeela".  

Hala, herriko egoitzetan hasi ziren klaseak ematen, San Juan Egoitzan eta Otezurin, baina baita Branka eraikineko (Eguneko zentroa bertan kokatzen da) eta Itsasargi zerbitzuko erabiltzaileei ere. "Emaitza oso ona izan du. Itsasargi zerbitzuekoengana hamabostean behin joaten gara, eta Brankara astero. Pixkanaka pauso sendoak eman nahi digu eta bide beretik joanda ateak zabaltzen joan". Oriaren arabera, proiektu honen bidez nagusiek aktibo daudela erakutsi dute. "Ahal dutena ez, nahi dutena egin dezakete. Bakardadea pairatzen duten edo gaixo dauden pertsona hauengan harrigarria da musikak zer suspertze eragiten dien. Barre egiten dute, hurbiltasuna sentitzen dute... Musika barrenean sentitzen dute eta horrek zerbait zoragarria sortzen du".

Ehun lagunetik gora

Proiektu honen emaitza jendaurrean erakutsiko dute astearte arratsaldean egingo den kontzertuan. "Belaunaldi desberdinetako jendeak hartuko du parte, 3 urteko umeetatik hasi eta 80 urtetik gorako pertsonak arte". Musika Musika Bandak jarriko du, eta Musika eta Dantza Eskolako tailer desberdinetako jendea ere pasako da". Hala ere, protagonista nagusiak Brankako erabiltzaileak izango direla azaldu dute antolatzaileek. 

"Kontzertu honen helburua ez da emaitza zoragarri bat edukitzea, parte hartuko duen jendeak ahalik eta parte hartze aberasgarriena izatea baizik, beraiek ahalik eta hobekien pasatzea", eman du jakitera Bandako zuzendari Joxe Mari Azkuek. Kontzertua bezala baino, workshop edo tailer bezala definitzen dute antolatzaileek astearteko ekitaldia. "Jende askok hartuko du parte. Azken unean jakingo dugu Brankatik zenbat lagun bertaratuko diren, baina une batzuetan ehun lagunetik gora izango da une berean".