Udako jarduerak antolatzeko bilera irekia egingo du udalak herriko elkarte eta taldeekin

Onintza Lete Arrieta 2024ko mai. 4a, 12:31

Sanpedroetako ekitaldi bateko irudia.

Ekainetik udara amaierara arte jarduera ugari izaten da herrian, eta Kultura sailak horregatik bildu nahi du herritarrekin maiatzaren 15ean. Bilera irekia izango da, eta bertan parte hartzera deitu ditu Zumaiako elkarteak, taldeak nahiz interesa duten herritar guztiak.

Zumaiako Udaleko Kultura sailak bilera irekia egingo du herritarrekin maiatzaren 15ean, asteazkena. Ekainetik irailera jarduera ugari izaten da herrian, eta herriko elkarteekin, taldeekin nahiz interesa duten herritar guztiekin bildu nahi du udalak: "Ekainetik udara amaiera bitartean jarduera ugari izaten ditugu Zumaian; San Pedro jaiak daude batetik, baina baita bestelako eskaintza eta ikustaldi asko ere. Jai egun eta jarduera horiek antolatzeko egingo da bilera irekia", azaldu dute arduradunek.

Maiatzaren 15ean 19:00etan jarri dute hitzordua, Alondegian. Norbaitek zalantzaren bat argitu nahi badu edo informazio gehiago eskuratu, Kultur Etxeko bulegora jo dezaketela jakinarazi dute.