Itxas Gainek domina ugari eskuratu du asteburuan etxean bertan jokatutako lehietan

Onintza Lete Arrieta 2024ko mai. 6a, 09:20

Itxas Gain elkartekoak, atzo, Euskadiko maratoi txapelketa amaitutakoan. (Itxas Gain)

Larunbat arratsaldean Euskadiko itsas kayak txapelketa jokatu zuten, eta igande eguerdian, berriz, maratoikoa. Banaka dominak lortzeaz gain, taldeka bi txapelketak irabazi ditu Zumaiako piraguismo elkarteak.

Asteburu borobila izan da joan den hau Itxas Gain kirol elkartearentzat, banaka hainbat domina jantzi baitituzte herriko piraguistek eta, gainera, taldeka, txapeldun izan direlako. Herrian bertan jokatu dira Euskadiko bi txapelketa: itsas kayak txapelketa larunbat arratsaldean, eta maratoikoa, atzo eguerdian.

Larunbateko saioa Talaipe paretik abiatu zuten 60 partaide inguruk eta downwind modalitatean aritu ziren –haizea eta olatuak alde dituztela–. Zumaiatik abiatu, Sakoneta parean buelta eman, eta Zumaian amaitu zuten itsasoko lehia.

Zumaiarrek bi garaipen eskuratu zituzten txapelketa horretan, K1 modalitatean: Eider Amundarain senior emakumezkoetan gailendu zen, eta Haritz Aizpurua, 23 urtez azpikoetan.

Zumaiarren gainerako emaitzak honakoak izan ziren: Martin Egaña bosgarren izan zen gizonezko seniorretan; Maite Etxabe bigarren senior emakumezkoetan; Asier Aizpurua hirugarren 23 urtez azpikoetan; eta 50 urtez azpiko beteranoetan, azkenik, bigarren izan zen Oier Aizpurua, hirugarren Eñaut Aizpurua, laugarren Iñaki Fernandez, hamargarren Iñaki Unane, eta hamabosgarren Daniel Gonzalez.

Maratoian ere, bikain

Atzo eguerdian, berriz, Euskadiko maratoia jokatu zuten piraguistek. 18 kilometroko distantzia bete zuten zirkuitu bat eginez trenzubia eta kirol portuko sarreraren artean. Maratoiko modalitatean porteoak edo eramateak egiten dira, eta porteo horiek itsas kiroldegiko arrapala eta pantalanaren artean egin zituzten.

Modalitate horretan ere fin aritu ziren Itxas Gainekoak, eta hainbat garaipen eta podium eskuratuta amaitu zuten txapelketa. Seniorretan Irati Osa eta Martin Egaña izan ziren garaile emakumezkoetan nahiz gizonezkoetan K1ean, eta bizkorrenak izan ziren beste hainbat kategoriatan ere: K2ko gizonezko kadeteetan Julen Arakistain eta Oihan Irizar; K1 gizonezko jubeniletan Asier Aizpurua; K1eko 23 urtez azpiko gizonezkoetan Aimar Amundarain eta emakumezkoetan Eider Amundarain; K2ko gizonezko beteranoetan Xabi Osa eta Joseba Romatet; eta K1eko 50 urtez azpiko beterano gizonezkoetan, Iñaki Fernandez.

Klubeka, Itxas Gain izan zen nagusi, 383 puntu eskuratuta.

Irabazi ez arren, bigarren postu asko ere etxeko taldekoek eskuratu zituzten: Maddi Uzkudunek K1 kadeteetan; K2 kadeteetan Ana Martinenak eta Izar Iruretagoienak; K1 jubeniletan Xabat Bergarak; eta K1 23 urtez azpikoetan Josefa Molinak.

Itxas Gaineko beste hainbat piraguistak ere parte hartu zuten maratoian, eta ondorengo postuetan helmugaratu ziren: K1 kadeteetan seigarren izan zen Josu Urbistondo, eta bederatzigarren, Danel Cuadrado; K1 jubeniletan, bosgarren eta seigarren izan ziren Andde De Anta eta Josu Lazkano; K1 seniorretan laugarren egin zuen Haritz Aizpuruak; eta K1eko 50 urtez azpikoetan ere, laugarren egin zuen Eñaut Aizpuruak.