Eduki babestua

Ikasturte berrian, heziketa ziklo berritua

Erredakzioa 2024ko mai. 7a, 08:22

Atzo, maiatzak 6, ireki zen aurrematrikula egiteko epea Zumaiako Institutuko Lanbide Heziketan, eta maiatzaren 24ra arte luzatuko da.  

Jakina da Lanbideko Heziketa Zikloak direla gaur egun lana aurkitzeko biderik edo aukerarik eraginkorrenetakoak. Jakina da baita ere Zumaiako Institutuan badela Lanbide Heziketako Administrazioa eta Finantzatako Goi Mailako Zikloa, okupazio tasa handienetakoa duena hain zuzen.

Aurten berrikuntzarekin dator ziklo hau, berria izan gabe, berrituta gutxienik. Ikasgai askok aurreko izen bera mantendu arren, gaitegietan eta ordu kopuruan aldaketak izango dituzte.

Beste ikasgai batzuk berriak izango dira, eta aurreko batzuk desagertuko dira; adibidez Enpleagarritasunerako ibilbide profesionala sartuko da Laneko Prestakuntza eta Orientabidearen ordez. Era berean, orain arte ingelesa zena, Ingeles profesionala ikasgaia izango da. Bigarren ikasturtean, berriz, hautazko ikasgai berri batzuk sartuko dira.

Beste aldaketa garrantzitsua lan praktikei buruzkoa da: Lantokiko Prestakuntza izena galduko du. Izen berria Dual Orokorra izango da, eta aurreko ikasgaiak baino ordu gehiago izango ditu. Dual Orokorra egin ahal izateko, ikasgai guztiak gaindituta izatea ez da ezinbesteko baldintza izango, orain arte horrela eskatu den arren.

Aldaketa horiek guztiak 2024-2025 ikasturtean hasiko dira ezartzen, lehen mailan soilik hasiera honetan. Bigarren mailako ikasleek, oraindik, aurreko eredua jarraituko dute hurrengo ikasturtean. Horrela, 2025-2026 ikasturtera heldu arte itxaron beharko da erabateko aldaketa ezartzeko, ziklo honek dituen bi mailetan.

Zure ikasketak lan munduan sarrera izateko bideratzea nahi baduzu, aukera duzu Zumaiako Institutuan Lanbide Heziketako Administrazioa eta Finantzak Goi Mailako Zikloa egiteko, eta horretara animatu nahi zaitugu. Edozein zalantza izanez gero, jarri harremanetan zuzendaritza@zumaiabhi.eus helbidera idatziz edota 943-89 92 53 telefonora deituz. Atzo, astelehena, zabaldu zen matrikulazioa egiteko epea eta maiatzaren 24ra arte luzatuko da.