'Desconocidos' filma emango du Ostarrenak bihar zine forum saioan

Juan Luis Romatet 2024ko mai. 8a, 15:00

Andrew Scott eta Paul Mescal aktoreak buru dituen filma 19:00etan emango dute Aita Mari zinema aretoan.

Desconocidos (All of us strangers) filma ikusteko aukera izango da bihar arratsaldean Aita Mari zinema aretoan, Ostarrena zine klubak antolatutako zine forum emanaldian. Saioa 19:00etan hasiko da, eta sarrerak aretoko leihatilan izango dira salgai, 5 euroan.

Andrew Haigh zinemagile britainiarraren bosgarren film luzea da Desconocidos, eta oraingo honetan puri-purian dauden bi aktore irlandar izan ditu bere aginduetara: Andrew Scott (Ripley telesaila) eta Paul Mescal (Aftersun), hain zuzen ere. Claire Foy eta Jamie Bell aktoreak ere filmeko lantaldeko parte dira. 

Taichi Yamada idazlearen eleberri batean oinarritzen da film hau. Gau batean, gaur egungo Londresko dorre ia hutsean, Adamek ustekabeko topaketa bat izango du auzoko misteriotsu batekin, Harryrekin, zeinak hankaz gora jartzen baitu bere eguneroko bizitzaren erritmoa. Haien artean harreman bat sortu ahala, Adam iraganeko oroitzapenek kezkatzen dute, eta jaioterrira eta haurtzaroko etxera itzultzen da.